50 itzal gehiago

50 itzal gehiago https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/05/13
erreportajea
TESTUA: Maider Jericó zelaia. Arremaizteko kolaboratzailea @arremanitz
50 itzal gehiago
Ezinezko amodioa, esperientziarik gabeko emakumea, gizon erakargarri eta boteretsua… hiru liburu, film bat eta izugarrizko kontrobertsia.
Lerrootan ez dugu ‘Fifty Shades of Grey’ fenomenoaren kritika egingo;
istorioak haizatu duen eztabaida aztertuko dugu.

Fifty Shades of Grey (E. L. James, 2011) amodiozko istorio bat izateaz gain, eszena erotikoak irudikatzen dituen eleberria da. Pertsona askok eleberri horri esker irakurri dute lehen aldiz literatura erotikoa, eta esploratzeko mundu berri bat aurkitu dute.

Liburuari egin zaion kritikarik nabarmenena tratu txarrak sustatzea izan da. GAZTEZULOren apirileko alean pornografiari buruz esan genuena esan genezake literatura erotikoari dagokionez ere: sorkuntza lan horien helburua ez da hezitzea, entretenitzea baizik, eta literatura erotikoa bestelako literatur generoak tratatzen ditugun bezala tratatu beharko genuke.

Errealitatea vs. fantasia
Literatura erotikoak askotariko fantasiak irudikatzen ditu. Gogora dezagun fantasiek ez dutela nahitaez errealitatean burutu nahi ditugun desirekin bat etorri beharrik, are gehiago, baliteke asko kitzikatzen gaituen fantasia bat benetan gauzatzeko inongo interesik ez izatea. Fantasiak desioa pizteko edota kitzikatzeko bidea dira, eta gutako bakoitza bakarra eta errepikaezina den heinean, fantasien edukiak anitzak dira. Zentzu horretan, inork ezin digu esan zerk berotu gaitzakeen eta zerk ez. Beraz, ez dezagun gure burua zentsuratu.
Bestalde, edozein sorkuntza lan interpretatzeko ikuspuntu ezberdinak aukeratu ditzakegu; hala nola, ikuspuntu kritikoa erabil genezake, baina baita ikuspuntu ludikoa ere, lan hori erotizatzeko tresna bezala erabilita. Horrek ez du esan nahi eleberriaren edukia edo pasarteren bat kitzikagarri izan zaigulako irudikatzen duen harremana guretzat nahi dugunik. Halaber, feministak izan gaitezke, liburuan irudikatzen diren harremanekin ados egon ez, eta aldi berean, istorio horrekin berotu.

Adibide bat jartzearren, Stanley Kubrick-en An Orange Clockwork (1971) film ospetsua ikusterakoan argi dugu protagonisten jokabide bortitzak (borrokak, irainak eta bortxaketak) fikzioaren parte direla, eta horrek ez du filmaz gozatzea ekiditen; are gehiago, filmaren bukaeran ikusle askok gupida diote protagonistari. Era berean, film hori ikusteak bertan ikusten diren jokabideak bultzatzen dituenik ere ez dugu uste.

Beraz, gure baloreak zein diren argi badugu eta fantasiak eta benetako desirak desberdintzen dakigun bitartean, koherentziaz disfrutatu ahal izango dugu gure erotikaz, erruduntasunik sentitu gabe. 

Itzal gehiago…
Liburuen arrakasta dela eta, bikote asko BDSM (Bondage, Discipline, Sadism, Masochism, Dominance, Submission) mundua esploratzera animatu dira. Kontutan izan behar dugu, ordea, eleberrian azaltzen diren praktikak erreferente bilakatzen baditugu, horiek errepikatzera mugatzeak sexualitate eredua murriztera garamatzala. Horrek ez du esan nahi gauza berriak probatzea gaizki dagoenik, baina ez gaitezen mugatu eredu jakin batera. Har dezagun Fifty Shades of Grey fenomenoaren alde positiboa eta aprobetxatu dezagun literatura erotikoak eskaintzen digun aniztasuna gure sexualitatea esploratzeko.


Txalaparta argitaletxearen Literotura saileko liburuen hautaketa:

–  Euskal lizunkeriaren antologia (zenbait autore, 1999).
–  Filosofia apaingelan (Sadeko Markesa, 2001).
–  Relax (Rafa Ugalde, 2007).
–  Stock 13 (Edorta Jimenez, 2009).
–  Orgasmus (zenbait autore, 2010).
–  Dorian Grayren egiazko erretratua (Aitor Arana, 2011).
–  Venusen delta (Anais Nin, 2012).
–  Orpoz orpo (Ernesto Prat Urzainki, 2014).

Hitzetatik ekintzetara



‘Les coquins’
Egunerokoan jazotzen diren ohiko egoerak modu surrealistan erakusten ditu Marion Fayolle ilustratzaile frantsesak. Bide beretik jarraituta, sexuekin lotutako irudi ezin iradokitzaileagoak bildu ditu Les coquins liburuan. Bere blogean ikusgai daude horietako batzuk.

Brenda
Neskek neskekin ligatzeko aplikazioa da. Android eta IOS sistema eragileentzat prest dagoen aplikazioa instalatu ondoren, abiatzeko hainbat datu eskatuko dizkizu. Adibidez, zure argazkia jar dezazun, adina, pisua eta altuera. Datu horiek partekatu ondoren, aplikazioak zauden kokalekutik gertu dauden erabiltzaileak erakutsiko dizkizu. Gustuen araberako filtroak ere erabili daitezke. Elkarrizketa hasteko aukera dago, baita ezkutuan norbaiten jarduera jarraitzekoa ere.