Euskal Oware zaleak Canneseko Nazioarteko Txapelketan

Euskal Oware zaleak Canneseko Nazioarteko Txapelketan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/04/13
erreportajea
TESTUA: Aitor Abaroa @abaroa37
  Euskal Oware zaleak Canneseko Nazioarteko Txapelketan
Nork ez du jolastu xakean, partxisean, dominoan edota oka jokoan? Ezezegunagoa egingo zaizu, ordea, Owarea, munduko mahai-jokorik zaharrenetakoa. Bada, Oware eta Joko Estrategikoen Euskal Herriko Elkarteak emango dizu ezagutzeko aukera, baita nazioarteko txapelketetan aritzekoa ere.  


Jatorriz joko afrikarra bada ere, mundu zabalean hainbat lekutan jolasten dute Owarera, eta horien artean dago Euskal Herria. Egoitz Campo da horren erantzule nagusia. Txikitatik gustuko izan ditu mahai-jokoak, eta bere zaletasuna praktikatzen jarraitzeko, Oware eta Joko Estrategikoen Euskal Elkartea osatu du hainbat kiderekin batera. "Hilean bitan elkartzen gara, normalean, larunbat edo igande arratsaldetan, Bilboko San Inazio auzoko One tabernan. Orotara sei edo zazpi jokotara jolasten gara, batzen garen bakoitzean bi edo hirutara. Eta Owarean, normalean, hilean behin aritzen gara", dio Egoitzek.

Gainera, euren artean jolasteko batzetik haratago, Euskal Herritik kanpoko jendearekin ere lehiatzen dira. "Elkarte bezala funtzionatzen dugu, eta jolasten dugun joko bakoitzaren nazioarteko federakundeko kide gara. Horrela, joko horien nazioarteko txapelketa guztietan parte hartu dezakegu, eta halaxe egiten dugu hainbat kasutan", azaldu du Egoitzek.

Adibidez, iragan otsaileko azken asteburuan Cannesen izan ziren Egoitz bera eta Mayra Sánchez. Frantziako hirian urtero antolatzen dute Jokoen Jaialdia, eta bertan, Munduko Oware Federazioak nazioarteko txapelketa antolatzen du. Egoitzek bigarren urtez ordezkatu du Euskal Herria, Mayrak lehen aldiz, eta Frantzia, Suitza, Ingalaterra, Italia edota Cabo Verdeko jokalarien aurka lehiatu ziren. Mayra hasiberrien mailan aritu zen, eta hirugarren postuan amaitu zuen. Egoitz, aldiz, masterren mailan aritu zen, eta laugarren postuan geratu zen, hirugarrenarekin berdinduta.

Datorren urtean Cannesen Munduko Txapelketa egin nahi du Munduko Oware Federazioak, eta Europatik azken urteetan hurbildu diren jokalariez gain, jokoaren jatorri den Afrikako zein zale asko dituen Karibeko hainbat herrialdetako kideak ere erakarri nahi dituzte.

Euskal Herrian ere txapelketak
Cannesen iaz bi jokalari kataluniar ezagutu zituen Egoitzek, eta gurean ere txapelketaren bat antolatzeko ideiaren inguruan elkarlanean hasi ziren. Hala, iaz, Bilbon antolatu zuten herrialde ezberdinetako ordezkariak izan zituen Oware txapelketa; euskaldunez gain katalanak eta frantziarrak ere bertaratu ziren, guztira, hogei bat parte-hartzaile. Hazten jarraitu nahi dute, eta aurten, maiatzaren 16an eta 17an izango da. "Gure asmoa bi txapelketa egitea da, bat buruz burukoa eta bestea taldekakoa. Taldekako txapelketan Euskal Herriko selekzioa Nikaragua, Paraguay, Kolonbia, Espainia eta Kataluniako taldeen aurka lehiatuko da. Agian Italiakoak ere etorriko dira", jakinarazi du Egoitzek. Txapelketak Munduko Oware Federazioaren babesa izango du, eta emaitzak haren web orrialdean ezagutaraziko dira.

Joko ezezaguna da Owarea Euskal Herrian, baina ikus daitekeenez, Oware zale euskaldunak lan ederra egiten ari dira. "Jolas oso entretenigarria da, doakoa, eta, noski, buruzko kalkulua lantzeko tresna ezin hobea da! Jolastea eta ondo pasatzea da gure helburua", dio Egoitzek. Beraz, badakizu, animatu, probatu eta batek daki, agian datorren urtean Euskal Herria ordezkatu ahal izango duzu Munduko Txapelketan!

Oware eta Joko Estrategikoen Euskal Elkartearen blog-a: euskaloware.blogspot.com

Nola jolasten da Owarera?



Afrikan du jatorria Oware jokoak, eta Mankala jokoen familiakoa da; ezagutzen diren mahai-jokorik zaharrenetakoak dira.

JOKALARIAK
Mankala jokoetan bi jokalari lehiatzen dira, aurrez aurre.

TAULA
Sei zuloko bi ilara dituen taularen gainean jokatzen da. Parte-hartzaile bakoitza alde bateko sei zuloen jabe da.

FITXAK

Jokalari bakoitzak bere fitxak izan beharrean, partekatu egiten dituzte. Guztira, 48 fitxa edo ‘hazi’ erabiltzen dira, eta hazi horiek landatu eta batu egiten dira.

HASIERA
Esan bezala, jokalari bakoitzak joko taularen alde bat kontrolatzen du, eta bertan, haziak ereiteko seina zulo dituzte. Partida hasieran, zulo bakoitzean launa hazi jartzen dira, 24 ilara bakoitzean, guztira 48 hazi.

MUGIMENDUAK
Lehen mugimendua egiten duen jokalariak bere sei zuloetako bateko hazi guztiak hartu behar ditu, eta erlojuarem kontrako norantzan, hurrengo zuloetan banatu, banan-banan, hazi bat zuloko. Ondoren, aurkariak gauza bera egingo du, bere ilarako nahi duen zulotik haziak hartuta.

HAZIAK BATU
Mugimendu bakoitzean ereindako azken hazia aurkariaren ilarako zulo batean uzten denean, eta zulo horretan bi edo hiru hazi daudenean, hazi horiek irabazi eta gordetzen ditu mugimendua egin duenak, baita bi edo hiru hazi dauden aurreko zuloetakoak ere. Aurreko zuloetakoak batuko ditu jarraian daudenean, zulo batean bi hazi baino gutxiago edo hiru baino gehiago aurkitu arte, eta beti aurkariaren ilaran.

IRABAZLEA
Hazien kokapenagatik jada ezinezko denean jokalariek hazi gehiago eurenganatzea, edo jokalari batek jada ezin duenean mugimendurik egin, partida eten egiten da, eta jokalari bakoitzak eskuratu dituen haziak kontatzen ditu. Hazi gehien jaso dituenak irabazten du partida. Jokalariek hala nahi izanez gero, batzutan, jokalari batek 24 hazi jasotzen dituen momentuan ere amaitu daiteke partida.